2007-12-04

Abesteko dohai berezia

Hona hemen abesteko dohai berezia duen 6 urteko ume baten bideoa:

http://es.youtube.com/watch?v=7zBxt_w8_zQ

Musikaren irakaskuntza gainditzeke daukagun ikasgaia


Musikaren ikaskuntzak munduaren ezagutza integrala izateko aukera ematen du

Literatura irakastearen helburua idazleak sortzea ez den bezala, edo heziketa fisikoaren xedea atletak egitea ez den moduan, musika ikasteak ez du musikariak sortzea esan nahi. Pertsonen heziketako eta kultura zabaltzeko ezinbesteko ikasgai den aldetik, munduaren ezagutza integralagoa du helburu musikak, beste ikasgai humanistiko batzuek bezala. Kontua ez da solfeoa menperatzea (orain hizkera musikala esaten zaio); aitzitik, musika tresnak (mendebaldeko mundu honetan ezagunenak direnak behintzat) ezagutu eta identifikatzeko interesa eta denbora ematea baizik; konpositore, interprete, korronte, eskola eta obra unibertsalen jakinduria geure egitea, azken batean. Musika arloko analfabetismoa desagerraraztea urruti dago oraindik, eta areago, onartu beharrean gaude gure gizartean oso urria dela espresio bide horren inguruko ezagutza eta horrek eragotzi egiten digula musikaz erabat gozatzea.

Musikaren zentzua

Espainiako estatuan, orokorrean, osagarri edo zaletasun gisa planteatzen dira gehienetan, eskolako lanekin edo prestakuntza akademikoarekin batera eraman beharreko ikasgai osagarri gisa. Ikasgai hori albora uzteak aldendu egiten gaitu zibilizazio greziarretik, garai hartan ez baitzegoen zalantzarik horren garrantziaz. Musika ikasi eta ulertzeak astronomia, geometria eta filosofia ikasteak adina zentzu zeukan garai hartakoentzat. Pedagogiak dio haurra lehenago espresatzen dela kantuz hitzez baino; haurraren irudimen musikala lagungarri da bere izaera lantzeko eta musikaren izaera progresiboa lagun izaten du haurrak bere bilakaera prozesuan zehar, haur hezkuntzatik hasi eta ikaskuntza maila altuenetaraino, une bakoitzeko gaitasun eta interes espezifikoen arabera egokituta. Hezkuntza Musikalak sentiberatasuna ematen dio haurrari soinuzko munduaren adierazpenak hautemateko, bere espresio-gaitasuna zabaldu egiten du, artea zer den, zer izan behar duen eta zer izan daitekeen ulertzeko gaitasuna sortzen dio eta ingurukoengana hurbildu egiten du. (Apirileko zenbakian Jose Miguel Lopez musika arloko kazetariari egin genion elkarrizketa; haren hitzetan, musika da beste herrialde eta kontinente batzuetako bizilagunen edo beste jatorri batekoak izan arren herrikide ditugunen errealitatera hurbiltzeko erarik onenetako bat). /web/imgs/20020501/miscelanea02.jpg

Imanol Urbietaren lanaren zati esanguratsuenak

IMANOL URBIETA

Musikagile eta musika irakasle gipuzkoarra (Zarautz, 1934). Arantzazun eta Erroman ikasi ondoren, Valentziako Unibertsitatean Filosofian lizentziatu zen. Donostiako Kontserbatorioan musika ikasketak egina. Zarauzko Irrintzi taldean sartu zen 1957 inguruan, eta herriko antzerki eta dantza saioetan parte hartzen hasi zen. Baita Euskal Jaien antolakuntzan ere. Hainbat abesbatza eta musika talderen sortzaile eta zuzendari izan da: Oleskariak otxotea, Naya orkestra. 1960ko hamarkadan euskal kantuaren inguruan sorturiko mugimenduan kolaboratu zuen musika-moldaketak eginez, abestiak sortuz eta orkestrari lagunduz. Haur kantarien mugimendua sortu zuen Zarautzen: haurrak kantuan eta ipuinak kontatzen jarri zituen; herriz herri ibili ziren eta haurrentzat euskaraz egin den lehen diskoa grabatu zuen: "Haur Kantariak", (1967). Zarauzko ikastolaren lehenengo urteetan bertako irakasle izan zen. Zarautzen musika-eskola bat sortu zuen, Hernanin beste bat eta Donostian beste bat: Xirula Mirula.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz jabetuta ikerketa asko egin du. Pedagogia arloko liburu eta disko asko eman du argitara. Zenbakiak eta koloreak erabiliz musika eta solfeoa ikasteko bideak esperimentatu ondoren, ikasbideak egin ditu.

Psikomotrizitatea musikaren laguntzaz lantzeko ikerketak eta saioak ere egin ditu; arlo horretan, 1989an, Zairen musika etnikoari buruzko ikerketak egin zituen. Hala, haurrentzako kantak, eskoletan musika egiteko bideoak, musika irakasteko metodoak eta abar egin ditu.

Baina musika ez da Manolorentzat helburu bat, bitarteko bat baizik. Musikagintza inguruarekin lotzen du, eta, beharbada, horregatik egin dio uko hainbat aukera tentagarriri. Horregatik zuzendu du bere lana oinarriak bilatzera, haurrekin lan egitera, goi mailako musikagintzara jo ordez, bide hori zenbaitetan frustrantea edo mingarria gertatu bazaio ere. Aukera egin duen guztian herrirantz jo du, eta horregatik dauka hitz horrek bere ahoan beste batzuenetan ez duen egia.

Konformagaitza eta bere lanean dena ematen duena, sortzailea eta eragilea izan da pasa den toki guztietan. JAKIN aldizkariaren sortzaileetako bat izan zela ere esan dezake. 1996an, Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina eman zion Zarauzko Udalak. Imanol Urbietaren urte eta arlo askotako lan etengabea saritu zuen Zarauzko Udalak eta herriak domina horrekin.

IRAKASKUNTZA ETA MUSIKA.

1960an ezkondu zen Imanol Urbieta, semeak ekarri zituen eta hortik etorri zitzaion beste egarri bat. Momentu hartan ikastola bazen Zarautzen, mugimendu bat sortu zen haren inguruan, eta mugimendu hartan sartzeko beharra ikusi zuen: "Ikastola sortu aurretik hala ere, gu hasiak ginen umeak jendearen aurrean kantuan jarriz ipuinak esaten, olerkiak errezitatzen, urtero-urtero egiten genuen, 1958tik aurrera. Horren ondorioa izan zen jendea konturatzea ez bakarrik esperantza bat bazegoela, baita espresio mundu bat ere, haurraren kulturaren mundu bat; eta orduan hasi ginen gauzak ikusten, haurra ere, azken batean, ardatza zela ikusten, eta ez medio bat soilik mezu bat emateko. Halaxe, ustegabean eta halabeharrez, bildu nintzen eskolaren mundura eta eskolak dituen eskakizunetara. Inplikatuta geunden kultura eta umeekin. Seme zaharrena bigarren promozioan sartu zen eta, urteak pasa ahala, konturatu nintzen, heziketa motza eta mugatua jasotzen zutela. Eta pentsatu nuen: barrura. Urtebeterako Erromara joan; han lizentzia atera, eta halaxe aurkeztu nintzen ikastolan, maisu".

Berritzailea izan zen Imanol irakasteko moduetan. Orduko ikasleok gogoan ditugu oraindik bost kontinenteetako ibai eta mendiak, bakoitza bertako doinuekin egokitutako kantetan. Hala, geografia, alfabetoa… berdin zion zer, abestiak sortzen zituen. Bere betebeharra ez zen musika irakastea. Matematika, geografia eta gauza horiek guztiak irakasten zituen, baina musikaren bitartez irakatsi: "Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik".

Musika, hizkuntza, kirola denak lotzen zituen Imanol Urbietak: "Umeekin hasi eta benetako garrantzia zuen kirolak, eta nik kirola sartu nuen. Adibidez, bederatzietan joan eta hamar urteko umeek, haiek zeukaten sasoia, nola isiltasun bat edo sortu han? Nik egiten nuen lehenengo gauza frontoira joatea zen eta bederatzietatik bederatziak eta erdietara umeak lehertu kirola egiten, korrika eta beste. Umeari ematen diozun guztiak balio dio. Musika baldin badakizu musika bihurtzen da zerbitzari bat izugarria, zerbitzaria, eh! Hori askotan aitatuko dut, nik ez dudala jartzen umea musikaren zerbitzuan. Nire asmoa, musika beti umearen zerbitzuan jartzea izan da. Ez da izan nire helburua musikariak sortzea. Sortu behar badute, sortuko dira. Esku ona behar du maisuak umeen aurrean, estetika bat, bai kaligrafian, bai marrazkian... Maisuak hori eduki behar du: kantatzea, hitz egiteko grazia, dramatizatzeko. Kirola dela, jokoak direla, mendia dela... Gaur hainbeste aipatzen den ekologia eta horiek denak bizi genituen garai hartan".

Ikastolako esperientziaren ondoren sortu zen Zarauzko Musika Eskola, 1970eko hamarkadaren hasieran, eta eskola hura, gerora musika pedagogian egin duen ibilbidearen abiapuntua izan zen: "Arrakasta handia izan zuen Musika Eskolak, bostehun haur edukitzera iritsi ginen. Zergatik? Ikastolan nirekin ibilitako ikasleek nirekin jarraitu nahi zuten. Nobedadea izan zen. Hainbeste haur, hainbeste kanta eta hainbeste festa... «Zeruko Argia»koak ere orduan interesatu ziren. Eta Loiola Irratikoek ikaragarrizko aukera eman ziguten: astean bitan irratsaioak egitea haurrentzat eta haurrekin. Han iaiotasun bat hartu genuen: aparatu teknikoak, irrati gidoiak... azken batean, hor profesionalizatzen joaten zara. Grabaketak egiten hasi ginen. Gerora, Lontxo Oiartzabalek proposatuta Donostiako Irakasle Eskolan sartu nintzen, eta lau urte egin nituen, Andu Lertxundi, Mari Karmen Garmendia, Joseba Arregi eta beste hainbat lankide nituela. Lau urte egin nituen bertan. Handik Hernanira jo genuen, Musika Eskola sortu, eta Jaurlaritzaren hasierako urteetan ere aritu nintzen, musika heziketarako arautegia egiteko". Lehenengo proiektuak Imanol Urbietaren eskuetatik atera ziren. Horien guztien ondotik Donostiako Amara auzoan dauka, gaur egun, Xirula Mirula musikategia.

MUSIKA ETA HEZIKETA

Imanolek ekinez eta ekinez, ustekabean, senez, irekia izanez egin du bidea, ikertuz, jardunez: okinaren lanarekin parekatzen du bere ahalegina. Ez omen daki okinak zenbat ogi egiten dituen, eta Imanolek ere, egiteari garrantzi handiagoa eman dio zenbat egin duenari baino. Bere teoria guztiek lana dute oinarri. Musika bidea da, ez helburua. Berak ez omen du ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik: "Hizkuntza oso inportantea da, mugimendua oso inportantea da eta musikaterapia oso inportantea da. Musikaren helburua ez da musikariak sortzea, berez etorriko dira. Musika bizitzea da, eta musikaz baliatzea zure inhibizioak eta ezinak gainditzeko, komunikatzeko gogoa sortarazteko. Terapia gogorra da, baina isila. Nobedadea izan zen musikari eta hizkuntzari zer tratamendu ematen nion. Umea ez da ideologoa, eta hitzak soinuagatik esanahiagatik baino gehiago hartzen ditu. Estilo bat da. Kontuan izan behar dugu haurraren komunikazio beharra. Umeak bere erritmoa, bere pultsazioa du, bere-berea du. Bere erritmo horrek esaten dio besteekin bat egitea oso larria dela, baina hala ere umeak aurre egin behar du eta umeari lagundu egin behar zaio aurrera egiten. Hau da gure sistemaren gunea, hau da, haurra nolakoa den asmatzea. Nolako pultsazioa, nolako nortasuna duen asmatzea, gizarteratu edo eskolaratu aurretik. Musikaren bidez haurrekin bat egiten dugu. Musikak duen erritmoaz komunikatzen da haurra".

Beraz, musika komunikazio tresna bat da: "Musika da haurrak eta guk hitz egiten dugun hizkuntza komuna. Haurrak bere erritmoa erakusten digu eta guk bere erritmoa erabiltzen badugu komunikazioa oso erraza da. Baina gure helburua ez da haurra hemendik ateratzen denean "zuk bibolina jo behar duzu" edo "pianoa jo behar duzu" erabakitzea. Bi oinarri ditugu gaur egun, esate baterako, Txirula Mirulan: batetik, euskararen berezitasuna, eta bestetik, musikoterapia edo psikomotrizitateko ariketen bidez haurra laguntzea. Haurrarentzat amaren hitzak musika dira, gure hitzen doinua musika da, haurrak melodia baino lehenago gure hitzen grazia eta gure erritmoa sentitzen duelako. Euskarak, pentsa, zenbat erritmo eta musika dituen".

2007-12-03

Musikoterapia zer da?

Musika-terapia soinuaren, musikaren eta mugimenduaren aplikazio zientifikoa da, entzumena lantzearen eta soinuen exekuzioaren bidez egiten dena, horrela alderdi kognitiboa, afektiboa eta motrizitatearena integratu eta kontzientzia garatu eta sormen-prozesua indartzen delarik. Horrela: komunikazioa bideratu, Norberaren espresioa bultzatu, Integrazio soziala bultzatu ditzakegu".

Badator Olentzero!


Olentzeroren etorrera hurbiltzen dabilela eta, oso interesgarria litzateke haurrei olentzeroren abestia irakastea eta baita egun horretararte abestia errepikatzen aritzea.Alde batetik, haurrak motibatuta egongo lirateke(Olentzero pertsonaia maitatua baita haurren artean) eta beste alde batetik, abesti bat gehiago ikasiko lukete:

OLENTZEROREN ABESTIA

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzio, intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ematera.
Horra! Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago

kapoiak ere baditu
arraultzatxuakin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin. (bis)

Olentzero buru haundia
entendimentuz jantzia
bart arratsean edan omen du
hamar arrobako zahagia.
Hau urde tripa haundia
aurpegi zikina
Astoaren gainean
Dakar oparia

Horra!..

Kapoiak ere baditu…

Txilipristin:Haur kantak eta ipuin sorta


TXILIPRISTIN hitza ume kuttunari maitekiro deitzeko modu bat da eta proiektu hau txiki txikiekin gozatzeko pentsatua izan denez aukera polita iruditu zaigu gure lan honi izena emateko.
Gure helburua hauxe da, herrikoiak diren kantak, ezagunak eta hain ezagunak ez direnak, era errez batean gogora ekartzea, ahozko transmisioari bultzada bat eman nahian.
Adin honetarako hutsuneak daudela ohartu garenez, aspalditik daramatzagu bueltak ematen ideia honi. Egia da ume nagusiagoentzat badagoela kanta eta joko aukera dezente baina txikitxoengan pentsatuaz materiala gutxi aurkitu dugu. Hau dela eta, herrikoiak diren kantak biltzeari ekin diogu. Resurrección Mª de Azkueren "Cacionero Popular Vasco", Ereinek argitaratutako "Txiribiri Bonbon" eta "Txilibitu Danbolin" arakatu ondoren hau da guk egindako aukeraketa, jakinda beste asko utzi ditugula.
Txiki-txikitatik, ia hitz egiten hasi aurretik, haurrak abesti xume eta alaiak entzuten ikasten du, jolasen bidez eta era erraz batean euskara bereganatzen ikasten duelarik.
Esan beharra dago zenbaitetan ez dugula partiturarik aurkitu, kasu hauetan Juan C. Irizar arduratu da musika sartzen eta gainontzekoetan, bere moldaketaz.
Kanta sorta hau Cd batean jasota dago eta lagungarria izango delakoan liburuxka batean hitzak, partitura zifratuak eta zenbait ipuin biltzea ere egokia iruditu zaigu.
Txilipristin-en agertzen diren kantak eta ipuinak egoera desberdinetan (lotarako, jateko, jolasteko..) kantatzeko eta kontatzeko direnez, etxeko giroan zein haur eskoletan umearekin gozatzeko aproposak direla uste dugu.

Euskara bai goxoa!


Ume sortu berriari hainbat gauza eman behar zaio: maitasuna, arreta, elikadura, arropa… eta HIZKUNTZA. Hizkuntza behar du gurasoekin eta bere ingurukoekin komunikatzeko, beharrak adierazteko, jostatzeko, hezteko… Haurraren lehendabiziko hilabeteetan, familia da bere inguru nagusia, eta, hortaz, familia da biderik aproposena haurrak euskara ikasteko. Horiek horrela, garrantzi handikoa da familian bertan euskaraz hitz egitea (bai eta guraso bakarrak dakienean, edota ikasten ari direnek). Halaber, badira moduak haurrari txikitatik euskarara hurbiltzeko: umezain euskalduna, haurtzaindegia, eskola edo ikastola, jostailuak… Haurraren lehendabiziko hilabetetan egiten den guztiak haur hori etorkizunean euskaldun osoa izan dadin erraztuko du. Gainera, gauza jakina da behin hizkuntza bat ongi barneratuta, errazagoa dela beste hizkuntza batzuk bereganatzea.

Sakanako Mankomunitateak haur jaioberriak dituzten gurasoei zenbait material (foiletoa, haur solasen zerrenda, autorako eranskailua eta lerde zapia) bidaltzen dizkie. Umeek urte bat egiten dutenean, berriz, haur kantak biltzen dituen CDa eta CDarekin erabiltzeko gida banatzen zaizkie. Horretaz gain, Sakanako Mankomunitateak haur jolasen eta haur kanten ikastaroak eskaintzen ditu doan.