2007-12-04

Imanol Urbietaren lanaren zati esanguratsuenak

IMANOL URBIETA

Musikagile eta musika irakasle gipuzkoarra (Zarautz, 1934). Arantzazun eta Erroman ikasi ondoren, Valentziako Unibertsitatean Filosofian lizentziatu zen. Donostiako Kontserbatorioan musika ikasketak egina. Zarauzko Irrintzi taldean sartu zen 1957 inguruan, eta herriko antzerki eta dantza saioetan parte hartzen hasi zen. Baita Euskal Jaien antolakuntzan ere. Hainbat abesbatza eta musika talderen sortzaile eta zuzendari izan da: Oleskariak otxotea, Naya orkestra. 1960ko hamarkadan euskal kantuaren inguruan sorturiko mugimenduan kolaboratu zuen musika-moldaketak eginez, abestiak sortuz eta orkestrari lagunduz. Haur kantarien mugimendua sortu zuen Zarautzen: haurrak kantuan eta ipuinak kontatzen jarri zituen; herriz herri ibili ziren eta haurrentzat euskaraz egin den lehen diskoa grabatu zuen: "Haur Kantariak", (1967). Zarauzko ikastolaren lehenengo urteetan bertako irakasle izan zen. Zarautzen musika-eskola bat sortu zuen, Hernanin beste bat eta Donostian beste bat: Xirula Mirula.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz jabetuta ikerketa asko egin du. Pedagogia arloko liburu eta disko asko eman du argitara. Zenbakiak eta koloreak erabiliz musika eta solfeoa ikasteko bideak esperimentatu ondoren, ikasbideak egin ditu.

Psikomotrizitatea musikaren laguntzaz lantzeko ikerketak eta saioak ere egin ditu; arlo horretan, 1989an, Zairen musika etnikoari buruzko ikerketak egin zituen. Hala, haurrentzako kantak, eskoletan musika egiteko bideoak, musika irakasteko metodoak eta abar egin ditu.

Baina musika ez da Manolorentzat helburu bat, bitarteko bat baizik. Musikagintza inguruarekin lotzen du, eta, beharbada, horregatik egin dio uko hainbat aukera tentagarriri. Horregatik zuzendu du bere lana oinarriak bilatzera, haurrekin lan egitera, goi mailako musikagintzara jo ordez, bide hori zenbaitetan frustrantea edo mingarria gertatu bazaio ere. Aukera egin duen guztian herrirantz jo du, eta horregatik dauka hitz horrek bere ahoan beste batzuenetan ez duen egia.

Konformagaitza eta bere lanean dena ematen duena, sortzailea eta eragilea izan da pasa den toki guztietan. JAKIN aldizkariaren sortzaileetako bat izan zela ere esan dezake. 1996an, Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina eman zion Zarauzko Udalak. Imanol Urbietaren urte eta arlo askotako lan etengabea saritu zuen Zarauzko Udalak eta herriak domina horrekin.

IRAKASKUNTZA ETA MUSIKA.

1960an ezkondu zen Imanol Urbieta, semeak ekarri zituen eta hortik etorri zitzaion beste egarri bat. Momentu hartan ikastola bazen Zarautzen, mugimendu bat sortu zen haren inguruan, eta mugimendu hartan sartzeko beharra ikusi zuen: "Ikastola sortu aurretik hala ere, gu hasiak ginen umeak jendearen aurrean kantuan jarriz ipuinak esaten, olerkiak errezitatzen, urtero-urtero egiten genuen, 1958tik aurrera. Horren ondorioa izan zen jendea konturatzea ez bakarrik esperantza bat bazegoela, baita espresio mundu bat ere, haurraren kulturaren mundu bat; eta orduan hasi ginen gauzak ikusten, haurra ere, azken batean, ardatza zela ikusten, eta ez medio bat soilik mezu bat emateko. Halaxe, ustegabean eta halabeharrez, bildu nintzen eskolaren mundura eta eskolak dituen eskakizunetara. Inplikatuta geunden kultura eta umeekin. Seme zaharrena bigarren promozioan sartu zen eta, urteak pasa ahala, konturatu nintzen, heziketa motza eta mugatua jasotzen zutela. Eta pentsatu nuen: barrura. Urtebeterako Erromara joan; han lizentzia atera, eta halaxe aurkeztu nintzen ikastolan, maisu".

Berritzailea izan zen Imanol irakasteko moduetan. Orduko ikasleok gogoan ditugu oraindik bost kontinenteetako ibai eta mendiak, bakoitza bertako doinuekin egokitutako kantetan. Hala, geografia, alfabetoa… berdin zion zer, abestiak sortzen zituen. Bere betebeharra ez zen musika irakastea. Matematika, geografia eta gauza horiek guztiak irakasten zituen, baina musikaren bitartez irakatsi: "Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik".

Musika, hizkuntza, kirola denak lotzen zituen Imanol Urbietak: "Umeekin hasi eta benetako garrantzia zuen kirolak, eta nik kirola sartu nuen. Adibidez, bederatzietan joan eta hamar urteko umeek, haiek zeukaten sasoia, nola isiltasun bat edo sortu han? Nik egiten nuen lehenengo gauza frontoira joatea zen eta bederatzietatik bederatziak eta erdietara umeak lehertu kirola egiten, korrika eta beste. Umeari ematen diozun guztiak balio dio. Musika baldin badakizu musika bihurtzen da zerbitzari bat izugarria, zerbitzaria, eh! Hori askotan aitatuko dut, nik ez dudala jartzen umea musikaren zerbitzuan. Nire asmoa, musika beti umearen zerbitzuan jartzea izan da. Ez da izan nire helburua musikariak sortzea. Sortu behar badute, sortuko dira. Esku ona behar du maisuak umeen aurrean, estetika bat, bai kaligrafian, bai marrazkian... Maisuak hori eduki behar du: kantatzea, hitz egiteko grazia, dramatizatzeko. Kirola dela, jokoak direla, mendia dela... Gaur hainbeste aipatzen den ekologia eta horiek denak bizi genituen garai hartan".

Ikastolako esperientziaren ondoren sortu zen Zarauzko Musika Eskola, 1970eko hamarkadaren hasieran, eta eskola hura, gerora musika pedagogian egin duen ibilbidearen abiapuntua izan zen: "Arrakasta handia izan zuen Musika Eskolak, bostehun haur edukitzera iritsi ginen. Zergatik? Ikastolan nirekin ibilitako ikasleek nirekin jarraitu nahi zuten. Nobedadea izan zen. Hainbeste haur, hainbeste kanta eta hainbeste festa... «Zeruko Argia»koak ere orduan interesatu ziren. Eta Loiola Irratikoek ikaragarrizko aukera eman ziguten: astean bitan irratsaioak egitea haurrentzat eta haurrekin. Han iaiotasun bat hartu genuen: aparatu teknikoak, irrati gidoiak... azken batean, hor profesionalizatzen joaten zara. Grabaketak egiten hasi ginen. Gerora, Lontxo Oiartzabalek proposatuta Donostiako Irakasle Eskolan sartu nintzen, eta lau urte egin nituen, Andu Lertxundi, Mari Karmen Garmendia, Joseba Arregi eta beste hainbat lankide nituela. Lau urte egin nituen bertan. Handik Hernanira jo genuen, Musika Eskola sortu, eta Jaurlaritzaren hasierako urteetan ere aritu nintzen, musika heziketarako arautegia egiteko". Lehenengo proiektuak Imanol Urbietaren eskuetatik atera ziren. Horien guztien ondotik Donostiako Amara auzoan dauka, gaur egun, Xirula Mirula musikategia.

MUSIKA ETA HEZIKETA

Imanolek ekinez eta ekinez, ustekabean, senez, irekia izanez egin du bidea, ikertuz, jardunez: okinaren lanarekin parekatzen du bere ahalegina. Ez omen daki okinak zenbat ogi egiten dituen, eta Imanolek ere, egiteari garrantzi handiagoa eman dio zenbat egin duenari baino. Bere teoria guztiek lana dute oinarri. Musika bidea da, ez helburua. Berak ez omen du ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik: "Hizkuntza oso inportantea da, mugimendua oso inportantea da eta musikaterapia oso inportantea da. Musikaren helburua ez da musikariak sortzea, berez etorriko dira. Musika bizitzea da, eta musikaz baliatzea zure inhibizioak eta ezinak gainditzeko, komunikatzeko gogoa sortarazteko. Terapia gogorra da, baina isila. Nobedadea izan zen musikari eta hizkuntzari zer tratamendu ematen nion. Umea ez da ideologoa, eta hitzak soinuagatik esanahiagatik baino gehiago hartzen ditu. Estilo bat da. Kontuan izan behar dugu haurraren komunikazio beharra. Umeak bere erritmoa, bere pultsazioa du, bere-berea du. Bere erritmo horrek esaten dio besteekin bat egitea oso larria dela, baina hala ere umeak aurre egin behar du eta umeari lagundu egin behar zaio aurrera egiten. Hau da gure sistemaren gunea, hau da, haurra nolakoa den asmatzea. Nolako pultsazioa, nolako nortasuna duen asmatzea, gizarteratu edo eskolaratu aurretik. Musikaren bidez haurrekin bat egiten dugu. Musikak duen erritmoaz komunikatzen da haurra".

Beraz, musika komunikazio tresna bat da: "Musika da haurrak eta guk hitz egiten dugun hizkuntza komuna. Haurrak bere erritmoa erakusten digu eta guk bere erritmoa erabiltzen badugu komunikazioa oso erraza da. Baina gure helburua ez da haurra hemendik ateratzen denean "zuk bibolina jo behar duzu" edo "pianoa jo behar duzu" erabakitzea. Bi oinarri ditugu gaur egun, esate baterako, Txirula Mirulan: batetik, euskararen berezitasuna, eta bestetik, musikoterapia edo psikomotrizitateko ariketen bidez haurra laguntzea. Haurrarentzat amaren hitzak musika dira, gure hitzen doinua musika da, haurrak melodia baino lehenago gure hitzen grazia eta gure erritmoa sentitzen duelako. Euskarak, pentsa, zenbat erritmo eta musika dituen".

No hay comentarios: