2007-12-04

Musikaren irakaskuntza gainditzeke daukagun ikasgaia


Musikaren ikaskuntzak munduaren ezagutza integrala izateko aukera ematen du

Literatura irakastearen helburua idazleak sortzea ez den bezala, edo heziketa fisikoaren xedea atletak egitea ez den moduan, musika ikasteak ez du musikariak sortzea esan nahi. Pertsonen heziketako eta kultura zabaltzeko ezinbesteko ikasgai den aldetik, munduaren ezagutza integralagoa du helburu musikak, beste ikasgai humanistiko batzuek bezala. Kontua ez da solfeoa menperatzea (orain hizkera musikala esaten zaio); aitzitik, musika tresnak (mendebaldeko mundu honetan ezagunenak direnak behintzat) ezagutu eta identifikatzeko interesa eta denbora ematea baizik; konpositore, interprete, korronte, eskola eta obra unibertsalen jakinduria geure egitea, azken batean. Musika arloko analfabetismoa desagerraraztea urruti dago oraindik, eta areago, onartu beharrean gaude gure gizartean oso urria dela espresio bide horren inguruko ezagutza eta horrek eragotzi egiten digula musikaz erabat gozatzea.

Musikaren zentzua

Espainiako estatuan, orokorrean, osagarri edo zaletasun gisa planteatzen dira gehienetan, eskolako lanekin edo prestakuntza akademikoarekin batera eraman beharreko ikasgai osagarri gisa. Ikasgai hori albora uzteak aldendu egiten gaitu zibilizazio greziarretik, garai hartan ez baitzegoen zalantzarik horren garrantziaz. Musika ikasi eta ulertzeak astronomia, geometria eta filosofia ikasteak adina zentzu zeukan garai hartakoentzat. Pedagogiak dio haurra lehenago espresatzen dela kantuz hitzez baino; haurraren irudimen musikala lagungarri da bere izaera lantzeko eta musikaren izaera progresiboa lagun izaten du haurrak bere bilakaera prozesuan zehar, haur hezkuntzatik hasi eta ikaskuntza maila altuenetaraino, une bakoitzeko gaitasun eta interes espezifikoen arabera egokituta. Hezkuntza Musikalak sentiberatasuna ematen dio haurrari soinuzko munduaren adierazpenak hautemateko, bere espresio-gaitasuna zabaldu egiten du, artea zer den, zer izan behar duen eta zer izan daitekeen ulertzeko gaitasuna sortzen dio eta ingurukoengana hurbildu egiten du. (Apirileko zenbakian Jose Miguel Lopez musika arloko kazetariari egin genion elkarrizketa; haren hitzetan, musika da beste herrialde eta kontinente batzuetako bizilagunen edo beste jatorri batekoak izan arren herrikide ditugunen errealitatera hurbiltzeko erarik onenetako bat). /web/imgs/20020501/miscelanea02.jpg

No hay comentarios: