2007-12-03

Orfeoi txiki


1988an sortu zen, eta, hasierako garaietan, Antxon Ayestaránek bultzatu zuen. Orfeoi Txikiaren helburua Donostiako Orfeoiaren geroa ziurtatzea da, eta erakundearen barruan ere abian dagoen Musika Tailerrean hasitako lanarekin jarraitzea.

Hasiera-hasieratik, 8 eta 14 urte arteko ehunka haur izan dira ikasgeletan, astean bi aldiz. Abeslari bihurtzeko trebatu dira, eta gero Donostiako Orfeoira sartu direnek, eta ez direnek ere bai, musika-heziketa jaso dute.

Orfeoi Txikiko lehenengo zuzendaria Ana Etxeberria izan zen. Hura izan zen haurrekin ahotsaren teknikak eta jokabideko ohiturak lantzeaz arduratu zena, baina musika zaletasuna alde batera utzi gabe, izugarri garrantzitsua baita hori. Lehen ikasturtean Donostiako hainbat ikastetxetatik zetozen 69 neskatila eta 21 mutiko sartu ziren Orfeoi Txikian, eta, orduz geroztik, kopuru horrek bere horretan iraun du.

1998. urtea oso garrantzitsua izan zen Orfeoi Txikiarentzat; apirilean 98 Kantatan hartu zuten parte, Anoetako belodromoan, beste 37 haur-korurekin batera. Kontzertu hartan abestu zen lehen aldiz Tomás Aragüés-en Jimmi Potxolo lana, Bernardo Atxagaren testuak oinarri zituena. Ondoren iritsi zen erronka handia; nagusiekin batera Santanderreko Jaialdian eta Donostiako Musika Hamabostaldian abestea, hain zuzen ere. Hamabostaldian Israelgo Orkestra Filarmonikoarekin abestu zuten, Zubin Mehta zuzendari zutela, eta Mahlerren Hirugarren Sinfonia kantatu zuten. 1998. urtetik, UNICEFen aldeko kontzertua eskaintzen dute, abenduaren 28an, Donostiako Kursaal aretoan.

Ekintza horiez gain, neska-mutikoek hiriarekin lotuta dauden hainbat ospakizunetan hartzen dute parte; esate baterako, Santa Ageda egunean haur-koruekin Donostiako kaleetara irteten dira kantuan, baita Gabonetan ere. Salbean eta Ama Birjinaren eguneko mezan ere abesten dute, abuztuaren 15ean, Donostiako Koruko Andre Mariaren elizan.

2004. urtetik Orfeoi Txikiko zuzendaria Alaitz Guridi da, eta Esteban Urzelai da bere laguntzailea.

No hay comentarios: