2007-12-03

Musika ohi baino beroago

Udarekin etortzen dira beroa eta gorputza askatzeko gogoa. Udako garaia iritsi eta jaiak perretxikoak bezala azaleratzen direnez Euskal Herri guztitik, denboraldi aproposa izaten da udako abestia jendearen burmuinetan sartzeko. Gorputza zein mingaina dantzan jartzeko. Zaila da haren atzaparretatik ihes egitea. Tabernetan, txosnetan behin eta berriz errepikatzen den kantua: alaia, eroa, itsaskorra...Ez dago formula magikorik halako abesti bat egiteko unean. Ez du serioa izan behar, helburu gisa ongi pasatzea baitu. Dibertitzea, lagunekin barre egitea, besterik gabe.

Badira bizitza osoan entzuten diren abesti klasikoak; beste batzuk, ordea iraungitze data dute. Uda bat, adibidez. Edo bi. Uda guztian jo ta ke, etenik gabe erabili den kantu bati udazkenarekin amaitzen zaio bizia. Ondo aprobetxatu eta gero, zokoratu egiten da. Azkenerako, gauza guztiekin aspertzen delako, jakina.

Iazko udan, ezbairik gabe Pirritx eta Porrotxen Maite Zaitut! abestia izan zen jaun eta jabe. Euskal Herriko txoko denak konkistatzea lortu zuen pailazoen kantak, eta parrandaren bidez, heldu asko berriro ume sentitu ziren. Haurrentzako zuzendua zen abestiak mugak zabaldu zituen; adinak ez zuen axola. Erabat buruarindurik, liluratuta. Arrakasta itzela bilakatu zen bederen euskaldunen artean.

No hay comentarios: